Zainketen antolaketa soziala, erantzukizun partekatua

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2021/09/30

Zainketen antolaketa soziala, erantzukizun partekatua

Bilboko Sinposioak agerian utzi du egungo eredua aldatu eta zaintza baloratu behar dela.

Bilboko Sinposioaren edizio berri bat egin da “Zainketen berrantolaketa soziala” gaiaren inguruan. Eusko Ikaskuntzak antolatu du, hiriko Udalaren eta Emakunderen laguntzarekin. Zainketen errealitatea aztertzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean eta belaunaldien arteko itunean oinarritutako eredu berri bat zehazteko elkartu dira adituak eta profesionalak.

Egunari hasiera eman dio Eusko Ikaskuntzaren izenean Iñaki Zabaletak eta Emakundeko Izaskun Landaidak. Ondoren, inaugurazio-hitzaldia Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Cristina García Sainzek eskaini du. Zaintzaren balorazio sozial eskasaren azpian dauden faktoreak zein diren adierazi du. Egoera hori arintzeko, zaintza berdintasunez banatu behar da generoaren arabera eta gizarte-eragileen artean (Estatua, merkatua eta familiak), eta eskubide eta baldintza duinak izan behar ditu bere lanaren modalitate guztietan. García Sainz irakasleak uste du administrazio publikoen konpromisoa funtsezkoa dela.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lucía Martínez Virtok Euskal Herriko lurraldeetako zaintzari buruz hitz egin du. Bere ponentzia hiru zatitan egituratu da: lehenengoan gure eredua ulertzeko gakoak landu ditu; ondoren, Euskal Herriko lurraldeei buruzko datu garrantzitsu batzuk eman ditu; azkenik, zainketen kudeaketan eta horniduran aurrera egiteko ildo batzuk marraztu ditu.

Hirugarren hitzaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Marina Sagastizabalek eman du, eta emakumeen “denbora-pobrezia” nabarmendu du. Horrek esan nahi du ez dutela denborarik zenbait eskubide gauzatzeko, hala nola politikoak. Ebidentzia horretatik abiatuta, sexuaren araberako lanaren zainketa eta banaketa soziala antolatzeko egungo eredua deskribatu du.

Azkenik, Pilar Kaltzada kazetariak moderatutako mahai-inguruan, María Teodocia Juancay Morocho (Cuidados SINA), Agurtzane Solabarrieta (Usurbilgo Udala) eta Asier Bagliettok (Arremanitz Kooperatiba) esperientzia eta iritziak azaldu dituzte.

María Teodocia Juancay Morochok emakume migratzaileen begirada eskaini du mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzan, enplegu-baldintzata desberdinetatik eta planteatzen diren erronkei buruz hitz eginez.

Agurtzane Solabarrietak hiru galderaren inguruan Usurbilen abian jarri den parte-hartze prozesuaren berri eman du: zer zainketa?, nola zaindu nahi dugu? eta zer baliabide izango ditugu erakunde, partikular eta komunitatearenak?

Bestalde, Asier Bagliettok arreta jarri du gizonek iraganeko zaintzan, orainaldian eta etorkizunerako balizko ekimenetan duten inplikazioan.

Gainera, Sinposioan “Eusko Ikaskuntzaren berdintasunaren aldeko konpromisoa” adierazpena ezagutarazi da. Horren bidez, ehun urtetik gora dituen erakunde honek berdintasunaren aldeko apustua berresten du bere idearioan txertatutako oinarrizko lau printzipioetatik abiatuta: feminismoaren paradigma aplikatzea, genero-ikuspegia sartzea, intersekzionalitatea kontuan hartzea eta emakumeen ahalduntzea sustatzea.

Bilboko Sinposioa: Zainketen berrantolaketa soziala
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp