XVIII. Kongresua Baionan abiatu da XXI. mendeko etorkizuneko erronken aurrean galdera nagusiak plazaratuz

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/10/05

XVIII. Kongresua Baionan abiatu da XXI. mendeko etorkizuneko erronken aurrean galdera nagusiak plazaratuz

Lurraldetasuna, ezagutza eta herritarrak izan dira Kongresuko lehen eguneko gaiak.

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua Baionako Antzokian izan du gaur irekiera handia, publiko zabalaren babespean. Baionako kultura zinegotzi Yves Ugalde, Eusko Ikaskuntzako Lehendakari Iñaki Dorronsoro eta Iparraldeko Lehendakariorde Eguzki Urteagak inauguratu dute Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua, Geroa Elkar-Ekin / El futuro que nos (re)une / Notre futur ensemble lematzat hartuta. 

Ugalde jaunak “Eusko Ikaskuntzaren lana Euskal Herrian eta espreski Baionako hiriarekin duen harremana, baita hirian Kongresua hasteak duen garrantzia eta balioa” nabarmendu nahi izan du. Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak Baionako hirian abiatzeak duen esanahi zehatza azpimarratu du, “Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresua da Euskal Hirigune Elkargoan sortu denetik”, erakunde zientifiko-kulturalaren Kontseilu Errektoreko kidea izanik, izaeran duen lurraldetasunarekiko ardura guztiz jasoa baitu, Euskal Herriko erakunde gorenak bere baitan baitaude. Irekiera ekitaldi honetan, aurten zendu den Eusko Ikaskuntzaren Iparraldeko lehendakari izandako Jean Michel Larrasquet gogoan izan dute, 20 urtez erakundearen Iparraldeko funtsezko oinarria izandakoa.

XVIII. Kongresua osatzen duten hurrengo saioak aurkeztu dituzte, bakoitzeko galdera nagusiak plazaratuz. Euskararen alorrean, “Zeintzuk dira euskaraz garatu nahi duen komunitateak egun dituen aktibo nagusiak? Zeintzuk dira etorkizun hurbil horrek eduki behar dituen aktibo nagusiak? Horietara heltzeko, zein ekinbide gako definitu beharko genuke?”; Gizarteari dagokionez, “Herri anitza edo anitz herri gara? Nola landu konfiantza herri kohesionatu eta inklusibo baterako? Eta posible da horretan sakontzea komunikazio sistema propiorik gabe?”; Alor sozio-ekonomikoan, “ongizate-eredu berri bat eraikitzeko, zein oinarri behar dira?”; Eremu sozio-politikoaren esparruan galdera gakoa da “Ze tresna politiko behar ditugu irauteko ez ezik, duintasunez garatzeko? Norekin eta nola nahi dugu osatu borondatezko elkarlana? Euskal demokrazian eta gure herritarren arteko harremanetan sakontzeko bideak, zeintzuk dira?”. 

Etorkizuna irudikatuz: nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea kongresuaren lehenengo saioaren izenburua hartuz, Osasun eta gizarte erakundeen Ikerketarako Institutuko (IFROSS) fundatzaile Jean-Pierre Claverannek hartu du parte. ‘Lurraldea, globalizazioari eta munduaren aldaketei ihardukitzailea’ izeneko hitzaldian, Claverannek lurraldea defendatu du egungo erronkei aurre egiteko toki pribilegiatu gisa eta guztiekin eta etorkizuneko belaunaldiekin solidario den mundu baterantz egiteko.

Arratsaldean, Etorkizuna irudikatuz: nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea proiektuak utzitako emaitzak aurkeztu dira, Eusko Ikaskuntzak azken urteotan sustatutako lanen ondorioen bilduma: joerak deskribatu, eszenatokiak zehaztu eta proposamenak egiten dira hiru dinamika estrategikori buruz: herritarrak, lurraldea eta ezagutza. 

Azkenik, besteak beste, zahartzea, ezagutza eta lurraldetasunari buruzko mahai-ingurua izan da. Juliette Bergougnan, Michel Berhokoirigoin, Ane Bustinduy eta Javier Echeverría Ezpondaren parte hartzea izan dute, Iban Lizarralde moderatzailea izanik.

XVIII. Kongresua. Baiona

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko hurrengo saioak hauek izango dira: e5 (Gasteiz, urriak 19), Gizartea: aniztasuna eta kohesioa (Iruñea, urriak 26), Garapen sozio-ekonomikoa (Bilbo, azaroak 9) eta Gobernantza demokratikoa (azaroak 16). Itxiera eta ondorioak aurkezteko saioa Oñatin (Gipuzkoa) izango da azaroaren 23an. Izen emateak zabalik daude oraindik beste saioetarako webgunearen bidez, baita bertan kontsultatu daiteke XVIII. Kongresuko egitarau osoa ere.

Informazio gehiago.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp