RIEVek ehun eta hamar urte (1907-2017)

Argitalpenak

2018/01/25

RIEVek ehun eta hamar urte (1907-2017)

Euskal ikasketen erreferentzia izaten jarraitzen du Euskal Herriko zientzia eta kulturari buruzko argitalpen zaharrenak.

REVISTA INTERNACIONAL DE LOS ESTUDIOS VASCOS (RIEV), euskal zientzia eta kulturaren argitalpen zaharrenak, ehun eta hamar urte bete ditu. 1907an Julio Urquijo filologoak sortu zuenetik, mundu guztiko euskalarien erreferentzia gisa nabarmendu da RIEV. Eusko Ikaskuntzaren organo gisa, «RIEVek lortu zuen, lan askori esker, eusko ikasketak fantasia guztien edo eromenen aterpe eta portu seguru izateari uztea», idatzi zuen Koldo Mitxelenak.

1936ko Gerra Zibilarekin amaitu zen lehen etapan fama handia lortu zuen nazioartean, batez ere, euskal linguistika eta filologia alorrean. Lehen RIEen 27 aleetan berrehun autore baino gehiagoren lanak argitaratu ziren, horien artean, Pío Baroja, Louis-Lucien Bonaparte, Americo Castro, Echegaray anaiak, Ramón Menéndez Pidal, Rafael Sánchez Mazas edo Unamuno. Egile europarrek presentzia nabarmena izan zuten (frantziar eta alemaniarrek batez ere, baina baita errusiar eta ingelesek ere). Balore berezia hartu zuten euskal literatura lanen edizio jarduerek, ordura arte ezin baitziren lortu.

Diktadurako geldialdiaren ondoren, 1983tik aurrera, argitalpenaren etapa berria hasi zen Julio Caro Barojaren zuendaritzapean. Literaturak garrantzia handiagoa hartu zuen euskara zein gazteleraz argitaratu ziren testuei esker, bai eta Historiak ere. Era berean, Psikiatria, Ekonomia edo Teknologia bezalako diziplina zientifikoei zabaldu zizkien ateak.

1997tik Gregorio Monreal zuzendariak beste ekarpen batzuk egin zituen, zuzendari zela: besteak beste, ingelesez idatzitako lanak gehitu zizkien euskara eta gaztelerazkoei eta Euskal Herriko unibertsitateetan egindako doktore tesiei buruzko informazioa eta Eusko Ikaskuntzako argitalpen guztien laburpenak bildu zituen.

2006 eta 2015 urteen artean RIEVen zuzendaritza Aingeru Zabalaren eskutan izan zen. Garai hartan “Cuadernos 1 de RIEV” ale berezia argitaratu zen hiru garaietako esfortzuei eskainitakoa, RIEVeko mendeurrenean, 1907-2007. Egun, Nicanor Ursua Lezaunek zuzentzen du, Municheko eta Madrileko Konplutense unibertsitateetako Filosofian doktore eta EHUko katedradun denak (gainera, azken honetan nazioarteko harremanen alorrean ardurak izan ditu). RIEV beti ahalegindu da garaiko gai handiei buruzko gogoeta sakonari ekarpena egiten. Bide horretan, RIEVek, argitalpenen bidez, Euskal Herriko XXI. mendeko gizarte jasangarria lortzen lagundu nahi du, 5 lan alorren bidez: errealitate sozio-kulturala, eredu sozio-ekonomikoak, egituraketa sozio-politikoa eta nahi dugun etorkizuna irudikatzea. Aipatu alorrek irizpide hauek bete behar dituzte: zehaztasun zientifikoa, diziplina artekoa izatea, belaunaldi artekoa, erakunde arteko lankidetza, euskararen erabilera bermatzea, lurralde arteko zubi izatea, hiritarrekiko harremana sustatzea, genero ikuspegia bermatzea eta independentzia ideologikoa izatea. Horrela, RIEVek, bere tradizioari fidel, “eusko linguistika, folklore, historia, antropologia, bibliografia, literatura, paremielogia eta abarrei buruzko ikerketa lanak egiteko tresnak” ematea du helburu (RIEVeko Cuadernos 1, 2007,13), natura zientziak, medikuntza, arkitektura, teknologia eta ekonomia alde batera utzi gabe. Hori guztia, euskal gizarte kultu, ireki eta kritikoa lortzen laguntzeko. 

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp