GizarteLAB Legazpi II: Trantsizio-komunitatea sortzen

Foroak eta mintegiak

2021/11/09

GizarteLAB Legazpi II: Trantsizio-komunitatea sortzen

GizarteLAB programaren bigarren faseko sei tailerrak egin dira Legazpin. Herriko Gizarte-Zentroarekiko pertzepzio aldaketa eta Trantsizio-Komunitatea sortzea izan dira helburu nagusiak.

Eusko Ikaskuntzaren proiektua Belaunaldiarteko Legazpi/Legazpi Intergeneracional planaren barruan kokatzen da, eta bertan parte hartzen du Adinberri, Isea, S. Coop., Mondragon Unibertsitateko ikasleekin eta Legazpiko Udalarekin berarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Etorkizuna Eraikiz programaren babespean.

Bigarren fase honetan helburu bikoitzarekin lan egin da: batetik, Legazpiko Gizarte Zentroari buruzko gizarte-pertzepzioa aldatzea, belaunaldien arteko gune erakargarri bihur dadin beste erabiltzaile-profil batzuentzat; eta, bestetik, Trantsizio Komunitatea sortzea, tokiko erronkei epe labur eta ertainean aurre egiteko gai izango dena.

Lantaldea osatu duten 20 pertsonetatik askok GizarteLAB I esperientzia aitzindarian parte-hartu zuten 2019an. Oraingo honetan, Buztintegi (Legazpiko jubilatuen Elkartea), Iratzarri (Etxeko-andreen Elkartea) eta Nagusilan kolektiboetako kideak ere izan dira, Isea, S. Coop. kooperatibako bi ordezkarirekin batera.

Ohi bezala, tailerrek alderdi teorikoak eta dinamika praktikoak konbinatu dituzte, funtsezko premisa gisa ikaskuntza esperientziala hartuta. Barneko eta kanpoko ebaluazioa egiteko zain, parte-hartzaileen balorazioa bikaina izan da.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp